ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

VII. Kirola

 

      Arestian aipatu dugun legez, futbolean eta, aspalditik, elgoibartarren gogokoak izan ziren pilota-jokoetan izan ezik, oso gutxi ziren kirolean jarduten zuten lagun taldeak. Lagun talde haiek bizikletaz osteratxo bat egiteko edo herritik gertu zegoen mendiren batera joateko biltzen ziren.

 

Bizikletan juten nitzan lanera Eibarrera. Lanerako nakan nik bizikletia. Etxian erosi ziaten orduantxe. Ondarruako itzulixa egitten-eta ere ibiltzen giñan. Gure Bide elkartian dago kuadro bat, 1960 urtekua edo, «Vuelta a Ondarroa» egin gendunian aterata. Elkarteko lagunak juntau giñan.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

Prudencio Etxaniz, Jose Maria eta Pedro Muguruza Otaño anaiak
eta lagun bat bizikletaz osteratxo bat egin aurretik.

      Salbuespenak salbuespen, ez zen ohikoa gure herriko gazteak igeriketa edo atletismoa moduko kirolak egiten ikustea.

 

Umetan, Don Antonio Arrillagaren klinikia zaguan tokixan ibiltzen giñan antxintxika. Kalia amaitzen dan tokixan lur sail bat zauken, eta Hamaika Gazte izeneko futbol taldia bertara juaten zan entrenatzera. Ni harekin juaten nitzan. Koadrilliak osautako talde bat zan; ez zan, esate baterako, Klub Deportibua bezelako talde bat. Jolas egittera juaten giñan hara. Baiña ez dakitt zergaittik, korrika ibiltzen giñan bi edo hiru lagun batzen giñan han. Goguan daukat nola behiñ lasterketa bat izan zan jaixetan. Lehenengo Errosarixo kaletik juan bihar zan, gero, San Bartolome kaletik. Helmuga plazan zaguan. Korrika egitteko alkartu giñen Jesus Egaña, Gabriel Gabilondo (goixan beude) eta Prudencio dalako bat, «Cohete» gaitzizena zaukana. Prudenciok irabazi zauan lasterketia, eta bigarren neu izan nitzan; ondoren, Gabriel eta Jesus Egaña. Danon artian banatu gendun eman ziguen diru apurra; horrela, itxura batian pasau genittuan jaixak.

José Gurrutxaga Ondartza

 

Elgoibarko Klub Deportiboaren kros taldeko partaideak,
Juan Izagirre «Upai» entrenatzailearen ondoan. 1943 urtea.

      Zalantzarik gabe, pilota zen elgoibartarren kirolik gustukoena. Garai hartako gazteek pilota joko ugari praktikatzen zituzten, baina garrantzitsuenak esku pilota partidak izaten ziren.

 

Pelotak erosittakuak izaten genittuan. «Joxe Piku» esaten gendun denda bat zauan. Harek eukitzen zaban, eta pelota bakoitzak bederatzi txakur t’erdi kostatzen zaban, «95 céntimos» erderaz esaten dana. Pelotak eta gauza asko zittuan harek. Eta hantxe pelota bat erosteko dirua eukitzen genduanian, ba... Narruzko pelotak ziran. Bestela, etxian egindakuak. San Bartolome kalian zauan. «Todo a 0,95» zan denda hori.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Jende ugari, herriko jaietan, Elgoibarko frontoian
pilota partidu bat ikusten. 40ko hamarkada.

      Pilotazaleak, egunero-egunero, lana amaitu ondoren, herriko frontoiren batean elkartzen ziren, pilota partidak jokatzeko. Partida haietan nabarmena izaten zen jokalarien arteko lehia. Sarri-sarri, Kamiñerokuako (gaur egun desagertuta dago) eta Sallobente-Ermuaraneko frontoietan jokatzen ziren pilota partidak. Hala ere, Kalegoengoa (gaur egun Foruen plaza) zen herriko frontoirik garrantzitsuena.

 

Gure herrian, idi proben inguruan,
jende ugari bildu izan da betidanik.

      Koldo Lizarralde etnografoak «Kalegoengo frontoi zaharra. 1751-2003. Elgoibarko pilotari buruzko oharrak» liburuan dioen bezala, «1751n eraikia, ekitaldi askoren topalekua izan da frontoia. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da egundaino aurkitu gurea baino frontoi zaharrago baten eraikuntzari buruzko idatzirik. Beraz, molde honetako frontoirik zaharrena dela esan dezakegu».

      Auzoetan, estimazio handia izaten zuten herri kirolek, baita bolo-jokoek ere. Bolo-partidak, batez ere, auzoko jaietan izaten ziren. Nahiz eta herri kirolak herritar gehienen gustukoak izan, gutxi batzuk ziren kirol horiek egiten zituztenak. Hala ere, jaiegunetan herri kirolen erakustaldiak egiten ziren, eta baita bertan zaletu ugari batu ere.

 

Neri gehixen gustatzen zitzatana idi-probak izaten ziran. Orduan jende asko batzen zaban idi-probak. Elgoibarren zaguan proba-tokixa Soarten, San Migeleko bidian. San Pedroko kruziaren parian zauan. Hau zan itxixa. Eta Plaza Txikian zauan beste irikixa.

Markos Arregi Iriondo

 

Herri kirolen erakustaldia, Tomas Zubizarreta
mediku jaunari egindako omenaldian. 1948 urtea.

      Apustuak oso ohikoak ziren. Bakoitzak ahal zuen neurrian jokatzen zuen, baina behin baino gehiagotan, baten batek gehiegitxo jokatu, eta ezustekoren bat ere hartu izan zuen. Izan ere, antolatzaileek nahiz lehiatzaileek iruzur egiten zuten proba haietariko askotan.

 

Nazio maillako epaille izan nitzan idi-probetan. Herri Kiroletako Gipuzkuako Federaziotik idi-probetara, aizkora txapelketetara... bidaltzen giñuezen. Gogoratzen naiz, behiñ, Azpeittixan, aizkora txapelketa batian, ez niñula parte-hartzaille batek gogobetetzen. Horregatik, honako hau esan nion: «Aizu, ez badozu gogorrago lan egitten probatik kanpo laga biharko zaittut. Eta neure buruari esaten nion: «Honek kaskarreko bat ematen baditt, K.O. lagako nau! Orduan erabaki naban ez nitzala iñungo probatan berriz ere epaille izango. Gauzak gaizki juan leikezela ikusi naban, eta harezkeroztik, ez naban harekin zerikusirik izan nahi. Tongo ugari izaten zan proba haretan; azpijoko asko izaten zan. Idi-probetan, adibidez, likidoren bat botatzen zeben harrixak juan bihar zaban lurraren gaiñian, azkarrago juateko, edo ez korritzeko. Sasoi hartan oso iruzurgilliak izaten ziran. Honelako gauzak goizaldian edo gabian egitten zittuen.

José Gurrutxaga Ondartza

 

      Kirola, gehienetan, gizonezkoen kontua izaten zen. Hala ere emakume elgoibartar batzuk erraketista apartak izan ziren. Horrela bada, gure herria utzi eta Kataluniara eta Madrilera joan ziren erraketan jokatzera; leku haietan estimazio handia baitzuen emakumezkoen erraketa-jokoak. Idotorbe (San Pedro) auzoan dagoen Arane baserriko Maria eta Juanita Arrillaga Garate ahizpak, Sallobente-Ermuaran auzoko Orraindi baserriko Maria Angeles Txurruka edo auzo bereko Berdun baserriko Felisa Muguruza izan ziren erraketistarik garrantzitsuenetarikoak.

 

Emakumiak ez zaben batere kirolik egitten, ezta pentsau Garai hartako pentsamoldia oso desberdiña zan, eta rak batzuek izan ezik, emakumiak ez zaben kirolik egitten. Gaur gozamena da.

José Gurrutxaga Ondartza

 

Maria Arrillaga, Arane I.a. Bartzelona, 1936.

      Gure herriko kirol erakundeen eta taldeen artetik «Club Deportivo Elgoibar» da aipagarrienetarikoa. Klub hori 1917 urtean sortu zen, eta mende horren erdialdera arte gure herriko kirolaren erreferentzia puntu bilakatu zen; elkarte horrek antolatzen zituen eta gure herriko kirol jarduera guztiak. Geroago sortu ziren Morkaiko Mendizale Elkartea (1943), Baltasar pilotazaleen elkartea (1958) edo Gure Bide txirrindulari elkartea (1959). Elkarte horiek egindako lan eskuzabalari esker, bultzada handia izan zuen kirolarekiko zaletasunak herritarren artean.

 

MUGERZA JUAN. (1900 - 1937)

      Korrikalaria izan zen. Entzute handia lortu zuen herriz herri kros lasterketetan. Espainiako txapeldun izan zen 1917 urtetik 1923 urtera bitartean 5.000, 1.500 eta 800 metrotan. Horretaz gain, Espainiako txapeldun izan zen 110 metro hesietan, bai eta taldekako erreleboetan ere. 1920an Anbereseko (Belgika) olinpiadan, 5.000 metroko lasterketan, zortzigarren postuan geratu zen, eta 1.500 metrotan, seigarren. Behobia-Donostia lasterketako lehen edizioa ere berak irabazi zuen. 37 urterekin hil zen, Gerra Zibilean, Mungiako bonbardaketa batean. Bere omenez, Juan Mugerza Memoriala sortu zen 1943 urtean.

 

Morkaiko mendiko gutunontziaren inaugurazioa. 1944 urtea.

      Ildo honetatik, aipatzekoa da, «Elgoibartarren Esanetan» izeneko programaren barruan elkarrizketatu dugunetariko bat, Ramon Maiztegi alegia, izan zela gure herriko elkartegintzaren bultzatzailerik nagusienetakoa, bai kirol, bai ekonomia, bai gizarte arloan.

 

Donantes de Sangre, Cooperativa Elgoibarresa, Morkaiko Mendizale Taldea eta Gure Bide elkarteko sortzaillietako bat izan naiz. Baiña guzti horretatik poz gehixen eman didana igual Donantes de Sangre izan da, «humanitariamente» behintzat. 40 urtian egon naiz presidente Donantes de Sangre elkartian. Gure Biden ere 50 urte pasa dittut sozio... Bestalde, Club Deportivo Elgoibarren 10 urte egon nitzan direktibo; 16 urterekin hasi nitzan eta 26rekin laga. Orduan Don Tomás Zubizarreta medikua zan C.D. Elgoibarko presidentea. José Rezola ere izan zan orduantxe. Gero Morkaiko sortu gendun. Lehen Club Deportivo Eibarren geundezen, nola Elgoibarren ez zaguan... eta beti esaten gendun guk: «Horrenbeste kapazidade badakagu guk, ba!». Jose Mari Etxaniz eta Joxe Luis Eizagirre (medikuaren semia) orduan juntau giñan eta... hartu papelak, eibartarrekin alkartu eta... nola orduan mendixa politikia zan, jun giñan gobernadoriana eta esan giñon: «Nosotros pensamos esto y tal..». «Andar como es debido» esan zigun. Guk esan gendun hori garantizauta zaguala, eta hola sortu gendun Morkaiko 1943 urtian. Lehenengo presidentia Iñaki Konde ipiñi nahi zeben, baiña nola bera kartzelan eta egon zan deskartau egin zeben. Gero, atzetikan errespetatzen zitzakon baiña «oficialmente» ez zan. Ofizialki, Eduardo Agirre izan zan presidentia. Inguruetako mendixetara antolatzen genittuan erteerak.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Elgoibartarrek ehizean eta arrantzan ere jarduten zuten. Hori bai, gutxi batzuk ziren horretan aritzen zirenak.

      Joan den mendearen hasieran, ehiza zaleek herritik gertu zeuden eta igotzeko errazak ziren mendietan jarduten zuten. Ez zuten urruti joateko aukerarik, eta ondorioz, gehienetan, Morun, Kalamuan, Morkaikon, eta nola ez, Karakatetik Irukurutzetarainoko bidean ibiltzen ziren. Gehienetan, usotan eta oilagorretan. Gainera, ikerketa honetako protagonistek diotenez, lehen orain baino uso eta oilagor gehiago zegoen inguruko mendietan.

      Urteak joan urteak etorri, garraiobideak agertzearekin batera, elgoibartar ehiza zaleak inguruko probintzietara joaten hasi ziren, batez ere, Nafarroa aldeko mendietara eta Gaztelako landetara.

 

Joxe Odria eta lagun batzuk, Arraian (Burgos)
ehizean ibili ondoren. 1949 urtea.

      Arrantzan, berriz, gure herri inguruko errekastoetan ibiltzen ziren; bereziki, SallobenteErmuaran auzokoan.

 

Arrantzan ere ibilli izan naiz ni. Aittarekin juaten nitzan errekara barbuak hartzera. Hartu eta gero etxeko fregaderan garbitzen genduzen. Oso goxuak izaten ziran Deba ibaixan hartzen genduzen arraiñak.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Aurreko aipuan irakur daitekeen legez, Deba ibaian ere aritzen ziren arrantzan; eta hori harrigarria da, gaur egun Euskal Herriko ibairik kutsatuenetarikoa dela kontuan hartzen baldin badugu. Hala ere, garai hartan, arrain ugari izaten zen Deba ibaian: hala nola, ezkailuak, barboak, aingirak edo amuarrainak.

 

Ni arrantzan ez nitzan ibiltzen, baiña nere aittak adibidez ez zakixan igerixan, baiña eskailluak hartzen ibiltzen zan Deba ibaixan. Eskailluak hartzen afizionaua zan nere aitta. Eskirolakin hartzen zittuan. Makilla luze bat zan, eta haren puntan telazko sare bat jartzen zaben, koladoria bezalako bat. Eta batzuetan aittakin jun izan nitzan, baiña bestela nik ez nakan afiziorik arrantzarako, ez arrantzarako, ez ehizerako.

Markos Arregi Iriondo

 

      Bestalde, ezin mendizaletasuna bazter utzi, elgoibartar asko eta asko oso mendizaleak baitziren. Hala ere, gure aurrekoek ez zuten mendizaletasuna gaur egun ulertzen dugun moduan hartzen. Guztiek ez zuten mendi gailurrak egitea helburu. Sasoi hartan, mendira denbora-pasa joaten ziren gehienak, familiarekin edo lagunekin lasai-lasai egoteko asmotan. Mendira joatea egunerokotasunetik aldendu eta atseden hartzeko modu bat zen.

 

Mendira askotan juaten giñan, Mendaroko kobazuluetara eta hola juaten giñan kuadrillan. Jeneralian jaiegunetan juaten giñan, batiz bat, uda partian. Eguna pasatzera juaten nitzan lagunekin, pasiaran.

Teodosia Iriondo Garate

 

      Baina, gure nagusientzat betidanik egon dira lotuta mendia eta perretxikoen bilketa. Elgoibartarrak beti izan dira oso perretxiko zaleak.

 

Hiru-Iturriko iturriaren inaugurazioa. 1948 urtea.

Oso gogoko nauan mendira juatia, perretxikotara. Gai horretan adittua Avelino Larrañaga Susperregi zan. Bergarakua zan, Elgoibarko Pakitarekin zaguan ezkonduta. Askotan, hemendik erten eta, Irukurutzetatik zihar, Elosumendiraiño juan izan gara oiñez. Gehixenetan, bi edo hiru lagun alkartzen giñan, batzuetan Kalamuara juateko, bestetan, Morkaikora....

Eugenio Diego Aranburu

 

Perretxiko billa ere juaten giñan asko. Ni Bernabe zanaren lagun haundixa izan naiz. Nik ez nakan afiziorik, mendirako bai, baiña perretxikotarako ez, baiña berarekin juaten nitzan. Gero topau zittuan beste lagun batzuk perretxikotara juateko, eta harekin juaten zan. Eta gu mendira. Jeneralian perretxiko klasikuak hartzen genduzen: urritzak, zizak, ondduak... Bernabe teknikua zan, Aranzadi fundaziuan ere bazaguan, eta horrek asko zakixan ta: «Hau ona ala txarra da?». Bernaberi eruaten giñuzen.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Eta atal hau bukatzeko, berriz ere, elgoibartarrik gehien batzen zituen kirola aipatuko dugu: futbola. Aurreko paragrafoetan aipatu dugun legez, futbola eta pilota-jokoak ziren gure nagusien artean estimaziorik handiena zutenak, hala partaideei nola jarraitzaileei zegokienean.

 

Desagertutako Lerun futbol zelaiaren
inaugurazio ofiziala. 1925eko apirilaren 12a.

Beti juaten nitzan Lerunera fubola ikustera. Gero, semiak Elgoibar futbol taldian hasi ziran jokatzen, eta gurasoak sarreria duan izaten gendun. Ez hori bakarrik, Lerunen leku bat naukan neretzako propio, bertan jartzeko. Garai hartan kirola zaletasuna zan; gaur egun, berriz, negozixua. Partiduak lagun giruan jokatzen ziran, eta gozamena zan haretara juatea. Batez ere, Eibarren kontrako partiduak izaten ziran berezixak. Sasoi haretako girua oso desberdiña zan, lehiakortasun handixa zaguan, baiña pertsonen arteko laguntasuna izaten zan nagusi.

José Manuel Acosta Calvo

 

      Arlo honetan ezin utzi aipatu gabe Eibar eta Elgoibar futbol taldeen arteko lehiak. Lehia haiek Lerun futbol zelaian (gaur egun desagertuta dago) izaten ziren. Herrian, partidu egunetan, jai giroa somatzen zen herriko kaleetan. Futbol partiduak larunbat arratsaldeetako lehenengo orduan jokatzen ziren, baina goizetik nabaritzen zen jai giro hura. Halako egunetan eguerdi aldera batzen ziren gizon koadrilak herriko tabernetan. Utzi ezinezkoa izaten zen partidu egunetako txikiteoa. Hala, poliki-poliki, herriko kale nagusienak, batez ere Errosario eta San Bartolome kaleak, jendez betetzen hasten ziren, jai giroak erakarrita. Txikiteoan hasi orduko, entzun ahal izaten ziren herriko taldea animatzeko kantuak. Horiek horrela, auzotar batzuk partidu egunak noiz iritsiko zain egoten ziren, etxeko balkoitik, txikiteoan sortzen zen giroaz gozatzeko. Ondo bazkaldu ondoren, elgoibartarrak ohiko lekuetan elkartzen ziren futbol zelaira joateko. Une haiek oso bereziak izaten ziren, Lerunera zihoan elgoibartar andanari, trenez etortzen ziren Eibarko futbol taldearen jarraitzaileak gehitzen zitzaizkion eta.

 

Fubola ikustera juaten giñan. Eibarko taldia etortzen bazan jokatzera tren espeziala eta dana jartzen zeben. Orduan jende asko juaten zan partido harek ikustera. Benetako girua egoten zan egun haretan. Trenian etortzen ziran, eta basuak lapurtzen ziguezen tabernatik. Ni akordatzen naiz, bittan bai behintzat juan izan naizela estaziora, basuak batzera. Treneko orduan egitxen gendun bakarrik lan tabernan. Gero jendia fubolera juaten zan, eta gu ere bai. Bazkalostian izaten zan tren espeziala, hiru t’erdixetan edo. Zarata asko ateratzen zeben. Eta partidua amaittu eta gero, domekia bazan, musikia entzutera juaten zian plazara. Tren ordura arte musikara juaten zian.

Unzueta Iriondo ahizpak

 

      Talde bien jarraitzaileak elkarrekin nahasten ziren futbol zelairako bidean, beti ere, jai giro jatorrean. Hala ere, oso nabarmena izaten zen bi herrien arteko lehia. Partidua jokatu ondoren, emaitzak baldintzatu egiten zuen zaletu batzuen eta besteen umorea. Futbol zelaitik irtetean, jendearen aurpegira begiratzea besterik ez zegoen zein taldek irabazi zuen jakiteko.

 

Elgoibar eta Eibarren arteko partiduak ziranian tabernia beteta egoten zan Elgoibarko eta kanpotik etortzen zan jendiakin. Banderekin eta dana ibiltzen zan jendia. Irabazten zabenian, gaiñera, sekulakuak egitten zittuen kalian, fubolistak errezibitzen eta. Famosua izaten zan irabazten zabenian haren etorreria. Galtzen bazaben ixilik, baiña irabazten bazaben sekulako rezibimentua.

Maria Epelde Arriola

 

      Gehienetan, gizonezkoak izaten ziren futbol partiduen inguruan sortzen zen jaian parte hartzen zutenak. Hala ere, asko ziren giro honekin majo ibiltzen ziren herriko emakumeak, eta ahal zuten guztietan, Lerunera joaten ziren ikuskizun harekin gozatzera.

 

Neri fubola gustatzen zitzatan, eta Elgoibarko taldeko soziak giñan kuadrillako lagunak. Lehen Elgoibar eta Eibarren arteko partiduak izaten ziran, baiña gero harek ixo egin zeben goragoko kategorixara. Burruka haundiko partiduak izaten ziran harek, eta jende asko etortzen zan ikustera, Eibartik ere bai. Anbiente ona egoten zan, baiña batzuetan hasarratu eta dana egitxen ziran.

Teodosia Iriondo Garate

 

      Eta bestela gertatu ezin zitekeenez, Elgoibarko eta Eibarko futbol taldeen arteko partiduetan ez zen pasadizorik falta izaten. Sonatuenetariko bat 1947ko azaroaren 14an gertatu zen, Eibarren, Ipurua futbol zelaia inauguratu zutenean.

 

Euren futbol zelaixa izan aurretik, eibartarrak Elgoibarrera etortzen ziran jokatzera. Gogoan daukat Ipurua inauguratu zebeneko eguna. Egun hartan, Domingo Arrillagak, Eibarko medikuak, kopa bat eman zaban inaugurazio partido haura irabazten zabanarentzat. Partidua Eibar eta Elgoibarko taldiak jokau bihar zeben. Eulogio Etxeberriak, orain Bilbon jokatzen dauanaren aittittak, gola sartu zauan, eta Elgoibarrek irabazi zauan 2 eta 0. Gu Txankiaren kamioian juan giñan, Ezkurra txofer zala.
Elgoibarkuak irabazi zebenian, kamioian babestu behar izan gendun, eta korrika batian, handik ospa egin, gure kontra harrika hasi ziralako. Han geldittuz gero, hilko giñuezen.

Eugenio Diego Aranburu

 

      Edonola ere, joan den mendearen erdialdera arte, kirol jarduerak ez ziren elgoibartarren artean zabaldu, ez behinik behin, taldean egiten zirenak. Dena dela, bada salbuespen bat: futbola. Kirol jarduera honek mende hasieratik izan baitzuen jarraitzaile ugari.

 

Eibarko Ipurua futbol zelaia inauguratu zeneko partiduan,
Elgoibarko Klub Deportiboak aurkeztu zuen hamaikako titularra.
1947 urteko azaroaren 14a.

Baten egin genduan partidua Lerunen, Altzolako zaharrak eta gaztiak. Rivero izan zan arbitrua. Elgoibartarra zan, eta Primera Division-eko arbitrua izandakua. Enpatau egin gendun. Etxian jendia hasarratu egin zan, zaharrak eta gaztiak. Hortxe egon zan asuntua; ama, aitta, amama... batzuk gaztien fabore, beste batzuk zaharren fabore... azkenian danak hasarre. Altzolako jende guztia juan zan ikustera. 1960 urtian edo izango zan partidu hori... Baja mordua, gaiñera, gero, eh! Hurrengo egunean lanera juan bihar, eta lanera ezin juan! Partidua kondiziuetan jokau zan; abarkekin jokau bihar zan, bestela, ostikada peligrosuak jo. Gaiñera, elurra egin zauan.

Juan Lariz Garate

 

      Telebistaren etorrerak zeresan handia izan zuen kirola jende artean zabaltzeko. Telebista etxeetan sartu zenean, ikusleak kirol ekitaldiz josi zituzten, eta horrela, hainbat kirol modalitate zabaldu zituzten.

 



elgoibarko udala