ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

IV. Lagun artean

 

      XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, Elgoibar herri txikia zen, eta bertan, 5.000 pertsona inguru bizi ziren. Inguruko herrietan gertatzen zen bezala, ia denek ezagutzen zuten elkar, batez ere, eskola umeek eta herriko koadrila ugariak osatzen zituztenek.

      Ikerketa honen lehenengo atalean aipatu dugunez, baserri auzoetako neska-mutilek auzoan egiten zuten ia bizimodu guztia, oso gutxitan joaten baitziren Elgoibarrera edo ondoko herrietara. Zer esanik ez, den-denek elkar ezagutzen zuten.

 

Lehen 5.000 lagun inguru izango giņan Elgoibarren, eta adin berdiņeko guztixak ezagutzen gendun alkar.

MĒ Rosa Unzueta Iriondo

 

Pilar ikastetxeko ikasleak, eskolako Jaiotzaren ondoan.
Gutxi gorabehera 1949 urtea.

      Baserri auzoetako umeen eguneroko bizimoduak ez zuen zerikusirik kalean bizi ziren umeenarekin. Izan ere, baserrietan beti lan handia egoten zen, eta horregatik, baserritarren seme-alabak txiki txikitatik hasi behar izaten ziren baserriko lanetan. Hasieran, lan txikiak eta mandatuak egiten zituzten, baina handik denbora gutxira, baserriko lanei heldu behar izaten zieten. Horiek horrela, argi ikus daiteke baserriko umeek adin bereko kaleko umeek baino denbora gutxiago izaten zutela jolaserako.

 

Basarrixan lan asko zaguanian ez zaguan astirik klasietara juteko, eta gitxiago jolasian ibiltzeko. Ganaua, behixak, ardixak eta holakuak mendira juten ziran, eta menditik ekarri bihar, harek zuzendu... aittak esaten zaban: zu ardixak ekartzera, zu bestera, eta... ixilik, egittera. Egurrakin ez, eh! Errespetoz.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Elgoibarko koadrila bat, Aiastia (San Migel) auzoan.
1941 urtea.

      Kaleko neska-mutikoek ere ezagutzen zuten elkar. Hori ez da harritzekoa, eskolatik irten ondoren, denbora libre asko izaten zutela kontuan izanez gero. Gehienetan, kalean, lagunekin jolasean igarotzen zituzten ordu haiek. Salto eta korri egiteko jolas ugari egiten zituzten, hala nola, Ģzaku karreria, paņuelo karreria edo bote-boteģ. Mendi irteerak ere ohikoak ziren. Herri inguruko mendietara, Morura, Morkaikora edo Kalamuara, joaten ziren; batez ere, eguraldi ona egiten hasten zenean.

 

Mendira asko juten giņan lagunekin: Kalamuara, Karakatera... ta Izarraitzen ere egonda nago, Erlon. Eskolan lagunak egindakuak ibiltzen giņan alkarrekin, auzuan etxe gutxi zagozen, eta ume gutxi. Merixendia hartu, ta San Rokera juten giņan, Azkue-beheko piņadira, oin etxia dago han. Mintxetara juteko bidian zaguan hori, ta hantxe asko jolasten genduan. Itsasoko haizia etortzen zala esaten zan. Lehenengo neskak bakarrik ibiltzen giņan. Eskolatik ertetzerakuan ere juten giņan San Rokera jolastera, lagunekin. Edozein momentutan juten giņan. Mendira juten giņanian, han bazkaldu, pixka batian egon, eta buelta egitten gendun.

MĒ Josefa Unzueta Iriondo

 

      Horretaz gain, neska-mutilek bihurrikeria asko egiten zuten. Hala ere, ezin esan zeintzuk ziren bihurriagoak: garai hartako umeak ala gaur egungoak. Hori bai, gazteenen artean, oso arrunta zen fruta lapurtzea edo animaliei gaiztakeriak egitea.

 

Milagrosa ikastetxeko (Maalako eskola zaharra) ikasleek
San Isidrorako txangoa egin zutenekoa.
1928. Ezkerretik eskuinera: Digna Lasa, Anita Garate,
Maritxu Osoro (etzanda), Isabel Garcia y Maria Iriondo.

Basarrixetan frutak harrapatzen ibiltzen giņan noizbaitt, ta batzuetan basarrittarrak ikusi ta segittu ere. Eta hurrengo egunian izkutatzen basarrittarraren bildurrez.

Juan Lariz Garate

 

      Aisialdia igarotzeko beste aukera bat kirola egitea zen. Hala ere, kirola egiteko ohitura, batez ere talde kirolak egitekoa, ez zen joan zen mendearen erdialdera arte orokor bihurtu. Futbolean eta, aspalditik, elgoibartarren gogokoak izan ziren pilota-jokoetan izan ezik, oso gutxi ziren kirolean jarduten zuten lagun taldeak. Lagun talde haiek bizikletaz osteratxo bat egiteko edo gertuko mendira joateko biltzen ziren.

      Uda partean, Elgoibarko lagun-taldeek gehien atsegin zuten gauzetariko bat Deba ibaian bainu bat hartzea zen. Bi tokitan batzen ziren lagunik gehienak: Goiko Errotako presan eta, gaur egun, King-Kong deitzen zaion eraikinaren inguruko sailetan.

 

Udaran ibaira juten giņan baiņua hartzera, Goiko Errota aldera, eta King-Kong etxiaren ondora ere bai. Han zagozen Ģhaitz haundixaģ eta Ģhaitz txikixaģ esaten ziuenakģ. Harek ibaixan zagozen, King-kong ondoko pasuaren parian. Han ikasi naban nik igeri egitten. Baiņa sasoi hartan, gaur egun baiņo ur gehixago zaguan eta zikinkerixa gitxixago.

José Gurrutxaga Ondartza

 

José Manuel Acosta lagun batzuekin,
Elgoibarrera iritsi zen egunean. 1954 urtea.

      Baina, Deba ibaia ez ezik, baziren beste hainbat leku bustialdi bat hartzeko egokiak, hala nola, Upai Goitiko presa, Sallobenteko errekatxoa eta, nola ez, hondartza.

 

Guk ez zakagun hondartzara juateko ohitturarikan. Errekatxuetan, ixkutuan, baiņatzen giņan, lotsa haundixa ematen zigun-eta. Astixa zakagunian Upai Goittira ere juten giņan.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Udaldian, koadrila askok eta askok igandeko atsedenaldia aprobetxatzen zuten gertuen zeuden hondartzetara joateko. Zalantzarik gabe, gertueneko hondartza zelako, gehienak Debara joaten ziren.

      Alde batetik bestera joateko zeuden zailtasunak ikusirik, gehienetan, trenez joaten ziren hondartzara, hala ere, baten batzuek nahiago izaten zuten hondartzara bizikletaz joatea.

 

19 urte naukazen lagunekin Debako hondartzara jun nitzan lelengo aldixan. Tomas Astigarragak tallar bat zaukan Maalan, eta bertan, bizikletak alkilatzen zittuan. Arratsalde bateko alkilerrak 2 pezeta kostatzen zaban. Hala, bizikleta batzuk alkilau, eta hondartzara jun giņan. Baiņua hartu, bizikletia bueltau, eta berriz ere, etxera

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Hala ere, sasoi hartan, hondartzan igarotzen zituzten egunek ez zuten zerikusirik gaur egungoekin. Gehienetan, hondartza tokirik aproposena izaten zen lagunak elkarrekin berriketan aritu, eta batak bestearen berri izateko. Bainu eder bat hartzea, hondarretan jolas egitea, eta berriketan jardutea ziren lagun taldeek hondartzan egiten zituzten gauzarik ohikoenak.

 

Debako hondartzan hartutako irudia.
Zutik: Miguel Ajubita, Prudencio Etxaniz, (...) eta Estanis Azkue.
Eserita: Sinfoniano Abascal eta Sebastián Unzilla.

Trenian juten giņan hondartzara. Beti egoten zan tren espezial bat ordu bi eta erdixetan, gero, sei eta erdixak zazpirak aldera bueltatzeko. Trenak jendez lepo juten ziran, tren gitxi zagualako jendia juteko. Makiņa harek oso poliki juten ziran. Hondartzan etzan pixka batian, baiņua hartu, eta listo

Eugenio Diego Aranburu

 

      Izan ere, gure nagusiei ez zitzaien burutik pasa ere egiten eguzkitan etzatea; ezta azala babesten duten kremak edo ukenduak ematea ere. Ez zegoen ohiturarik, ez baterako, ez besterako.

 

Batzuetan, ez askotan, hala ere, Debako hondartzara juten giņan; takoidun zapatak eta guzti jantzitta. Orduan ez zan, gaur bezela, eguzkixa hartzen. Egixa esanda, kolore zurixa eruaten zan.

Teodosia Iriondo Garate

 

      XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, jende guztiak ez zuen bere bainujantzia izaten. Horiek horrela, ohikoena zen horrelako jantziak alokatu behar izatea.

 

Bainujantzi gitxi zaguan, eta hondartzan bertan bazaguan kaseta bat baiņu-jantzixak alkilau eta erropak zaintzeko. Hori 1945 urtian bueltan zan. Alkilerra pagau, eta baiņujantzixa bueltautakuan, berriz ere erropak ematen zittuen. Baiņu-jantzixan alkilerra oso merkia zan. Guk, kuadrilla osuak alkilatzen genduan. Oso hanka zabaleko baiņu-jantzixak ziran, oso haundixak, danontzako modukuak izan zeittezen.

Eugenio Diego Aranburu

 

      Garai haietako bainujantziek ia gorputz guztia estaltzen zuten. Emakumezkoenak pieza bakarrekoak izaten ziren, ia-ia belaunerainokoak. Gizonezkoenak, berriz, gehienetan galtza motzak bezalakoak izaten ziren. Hala ere, gerritik gora kamiseta jantzi behar izaten zuten.

 

Lehengo baiņu-jantzixak telaz edo puntoz egindakuak izaten ziran. Elgoibarren bazaguan belaunetaraiņoko gona moduko batekin egitten zittuan jersetera bat. Gaiņera, hondartzara albornoza ere eruan bihar zan. Pertxero batzuetan lagatzen genduzen baiņua hartzera juteko, eta uretatik urtendakuan, atzera ere, jantzi. Orduan, alkilau egitten ziran baiņujantzixak, baiņa guk bazakaguzen guriak.

Unzueta Iriondo ahizpak

 

      Arropak aldatzeko baziren etxetxo batzuk. Sasoi hartan indarrean zegoen moral tradizionalaren ondorioz, inori ere ez zitzaion burutik pasatzen, une batez ere, gainontzeko pertsonen aurrean eranztea.

 

Hondartzan bertan, bazagozen erropak aldatzeko erabiltzen ziran kaseta batzuk. Goguan dakat, behiņ, lanian niharduen seņoritian izeko batek zelan esan zidan, baiņua hartzen zaban bittartian, kasetia zaintzeko. Berriz ere etorri zanian, bi pezeta zillarrezko eman zidazen.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Edonola ere, eguraldi ona izan arren, gure nagusiak oso gutxitan joaten ziren kostaldeko hondartzetara.

 

Seme-alabak izan nittuan arte, oso gitxittan jun izan nitzan hondartzara. Negurin egon nitzanian bakarrik, gerra denporan. Baiņua hartzera juten nitzan, baiņa ez gaur egun jende gehixenak egitten daban moduan, etzan eta eguzkixa hartzera.

Felisa Bergaretxe Ardanza

 

      Dena dela, eguneroko eginkizunek ez zuten denbora asko uzten aisialdirako, eta batzuek nahikoa izaten zuten hondartzara urtean behin edo birritan joanda.

 

Guk San Bartolome Txiki eguna aprobetxatzen genduan hondartzara juteko. Egun haretan gizonezkuak lagunekin egitten zeben bazkarixa, eta aitzakixa harekin, Debara juten giņan umiak hartuta. Itsaso ertzian pasiaran egittera juten ginan.

Juliana Irizar Goiburu

 

      Auzoetan, estimazio handia izaten zuten Herri Kirolek, baita bolo-jokoak ere. Bolo-partidak igandetan izaten ziren, eta batez ere, auzoko jaietan. Nahiz eta Herri Kirolak herritar gehienen gustukoak izan, gutxi batzuk ziren kirol horiek egiten zituztenak. Hala ere, jai egunetan Herri Kirolen erakustaldiak egiten ziren, eta zaletu ugari batzen zen bertan.

 

Gure aitta idi-probatan ibiltzen zan. Ta nere anai zaharrena ere bai. Ta harek ikustera juten giņan. Azkoittiraiņo ere juten giņan. Hemen, San Lorentzon ere jokatzen ziran probak Gabon Zaharretako ferixa egunian. Basarriko asuntuak… dana gustau. Aizkora eta hortarikuak ikustera ere juten nitzan. Aizkora ta holako gauzak egitten ziran San Lorentzon, plaza nagusi horretan. Eta idi-probak San Migelera bidian, Soarten proba plazia zan. Han zagozen probarako harrixak, eta hantxe jokatzen ziran.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Pedro Joxe Artetxe eta lagun batzuk,
soldaduskan. Logroņo, 1936 urtea.

      Bestalde, auzoetako lagun-taldeak neskamutilez osatuta egoten ziren, eta hori oso deigarria da. Izan ere, kaletarren lagun-taldeak neskenak edo mutilenak bakarrik izaten ziren. Oso lagun-talde misto gutxi zegoen kaletarren artean. Gainera, auzoetan adin ezberdinetako lagunak elkartzen ziren. Sarri askotan, 10 eta 12 urteko umeek elkarrekin egiten zuten jolas. Hura, ordea, ez zen hain ohikoa kaletarren lagun-taldeetan; normalean, adin bereko umeak elkartzen baitziren. Auzoetan, jende gutxiago bizi zen, eta haien arteko hartu emana kalekoa baino handiagoa zen; horrela bada, errazagoa zen lagun talde berean adin ezberdinetako neska-mutilak elkartzea. Kaleko lagun-taldeak eskola kideek osatzen zituzten. Haiek osatzeko orduan, oso garrantzitsua izaten zen bakoitza zein kaletan bizi zen kontuan izatea.

 

Orduan Elgoibar herri txikixa zan, eta edadeko neska-mutil guztixak ezagutzen gendun alkar. Kuadrillan edade batekuak ibiltzen giņan, jeneralian eskolako lagunak ziran. Neskak eta mutilak ez giņan alkarrekin ibiltzen. Lehengoko mutillak gaurkuak baino ignorantiaguak giņan, ezjakiņak. Oingo gaztiak asko dakixe.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Koadrila edo lagun-taldeen ezaugarri horiek nerabezarora iritsi arte irauten zuten. Sasoi hartan beste gazte batzuekin harremanetan jartzen ziren, eta lagun-taldeak irekiagoak bihurtzen ziren. Horrela, beste sexuko edo adinetako pertsonei lagun taldean sartzeko bidea egiten zieten. Nerabezaroan hasten ziren erromerietan eta auzoko jaietan ibiltzen. Jendea ezagutzeko aukera aproposa izaten zen.

      Soldadutza eta Gerra Zibila inflexio puntu izan ziren mutilen arteko harremanetan. Bi gertakizun haien ondorioz, elgoibartar askok kanpoko jendea ezagutu zuen, eta baita lagun handiak egin ere. Ildo horretatik, elkarrizketatuetako batzuek adierazi dutenez, garai hartan ezagututako jendea lagun izan dute orain dela gutxi arte. Beste batzuek, ordea, oraindik ere, harreman haiek gordetzen dituzte, herri desberdinetan bizi badira ere.

 



elgoibarko udala