ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

I. Jaiotze lekua eta familia

 

      XX. mendearen hasieran, jaiotze lekua erabakigarria izaten zen elgoibartarren bizimoduan. Baserritarren eta kaletarren bizimoduaren arteko aldea erabatekoa zen. Alde edo ezberdintasun hori are handiagoa izaten zen haurtzaroan.

      Honako hau zen ezberdintasun hori azaltzeko arrazoirik nagusienetakoa: sasoi hartan leku batetik bestera joateko oso aukera gutxi zegoela. Hortaz, kaleko neska-mutikoak etengabe aldatzen ari zen ingurune batean hazten ziren bitartean, baserri auzoetan bizi zirenak, ordea, apenas ez ziren konturatzen, industria loratzen zen neurrian, herrian gertatzen ziren aldaketez. Gaur egun harrigarria iruditzen bazaigu ere, baserri auzoetako umeak ia ez ziren auzotik irteten, eta egun berezietan bakarrik, Trinitate jaietan, San Bartolomeetan edo gainontzeko egun handi batzuetan esaterako, etortzen ziren herrira. Adibidez, Aste Santuko prozesio edo Gabon Zaharretako feria egunetan ez zuten hutsik egiten. Izan ere, ez kaletarrak, ez baserritarrak ez ziren jai haiek galtzeko prest egoten.

 

Oingo gaztiak goizago hasten dira eskolan, kalian dabiz danak, lagunak kalian... ta libreago dira. Soltuaguak dabiz. Guk ez gendun San Lorentzotik ertetzen, iñora. Ez zauan oin bezela autorik, ezta bizikletarik... oiñez jun bihar zan danera.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Kaleko eta baserri auzoetako haurren arteko beste alde bat honakoa zen: kaleko neskamutilek denbora asko izaten zutela lagunekin jolasteko. Baserri auzoetako bizilagunek, aldiz, oso gazterik hasi behar izaten zuten baserriko lanetan laguntzen, eta ia ez zuten jolasteko astirik izaten. Zalantzarik gabe, oso bestela ulertzen zuten haur kaletarrek eta baserritarrek aisialdi hitza.

 

Elgoibarko kalietan bizi giñanok, umetan denpora asko ibiltzen giñan kalian. Besterik ez zauan ta deporte asko egitten gendun. Mendira edo bizikletan ibiltzera juten giñan. Oingo gaztiak nahikua diru manejatzen dabe, baiña guk bat ez. Txakur haundi bi kostatzen zaban ziniak, ta erriala izaten zan pagia... Ia zelan konpontzen giñan gu!

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Gure herri inguruko herri guztietan gertatzen zen bezala, Elgoibarren ere, XX. mende hasierako hamarkadetan, familiak dezente handiak izaten ziren. Sasoi hartan, ez zen inor harritzen, herriko etxe eta baserrietan hamar lagunetik gora bizi baziren. Etxean, oso ohikoa izaten zen gurasoak eta seme-alabak ez ezik, aiton-amonaren bat eta osaba ezkongaberen bat ere bertan bizi izatea.

 

San Lorentzoko Armaite Behekoa basarrixan hamaika anai-arreba bizi giñan gurasuekin. Ni nitzan hamargarrena... Lehen aitton-amonak ere hantxe bizi izan ziran.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga.

 

      Familia oso handia baldin bazen, baserriak edo etxeak, handiak izanda ere, txiki gelditzen ziren familiako kide guztiak bertan hartzeko. Beraz, gehienetan, anai-arrebek logela eta ohe berean egin behar izaten zuten lo. Normalean sexu bereko anaiek edo ahizpek egiten zuten lo elkarrekin. Normalean nagusienak hurrengoarekin egiten zuen lo, horrela, nagusienetik hasi eta txikieneraino.

 

Gu guztira hamaika anai-arreba izan gera, eta lo egitteko orduan bi oheko habittaziuak baldin baziran etxian, lau sartzen giñan bakoitzian, gitxienez biñaka.

Markos Arregi Iriondo

 

Juliana Zubizarreta,
senarra eta lehenengo bost seme-alabak
Aldapa baserriaren sarreran. 1942 urtea.

      Baserrietan, ia beti egoten zen norbait etxean; horregatik, oso baserritar gutxik ixten zuen etxeko atea kanpora joaten zenean. Are gehiago, baserri askotan ez zegoen sarrailarik, eta «trankia» izeneko egur edo burdin zati batekin ixten zuten sarrerako atea.

 

Maiorta basarrixan ez genduan atia giltzakin ixten ertetzerakuan, ezta pentsatu ere! Orduan ijitto asko ibiltzen zan, baiña guk ez genduan iñoiz ixten. Giltz bakarren batzuk egongo ziran orduan. Itxi egitten zan atariko atia, eta gero zakan burdiñ bat hatzaparrakin atia zabaltzeko ibiltzen zana. Burdiñ hori zulo baten sartzen zan. Trankia esaten zitzakon.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Herritarrek, ordea, gehienetan itxi egiten zuten etxea, batez ere, Gerra Zibiletik aurrera. Sasoi hartan, Elgoibar herri txikia zen. Bertan denek ezagutzen zuten elkar. Baina gerrak jende berria ekarri zuen herrira, eta ondorioz, elkarrenganako mesfidantza areagotu egin zen. Etxeak giltzaz ixteko joera orokor bihurtu zen gerra ostean, espainiar estatuko beste hainbat lekutatik jende andana handia etorri baitzen, sasoi hartan hazten ari zen erremintamakinaren industrian eta eraikuntzan lan egiteko.

 

Guk tabernia gendukan San Inazio kalian (gaur egun Trenbide kalia), eta beti egoten zan familixako baten bat bertan. Hala ere, ertetzerakoan beti ibiltzen gendun giltza.

Mª Rosa Unzueta Iriondo

 

Joxe Gurrutxaga eta bere familia,
Urkiri baserrian, 1930 urte aldera.

 



elgoibarko udala