ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

V. Bikote bila

 

      Gaur egun gertatzen den legez, duela 80 urte ere, nerabezaroa izaten zen beste sexuko pertsonekin harremanak egiteko unea. Jendea ezagutzeko tokirik onenak, berriz, erromeriak, auzoetako jaiak eta dantzaldiak. Dantzaldi haiek igandero izaten ziren Foruen plazan, Udal Musika Bandaren musikaz lagunduta.

 

Kuadrillan neskak eta mutillak batera ibiltzen giñan. Gaur egun nere emaztia dana eta ni San Lorentzoko erromerixan ezagutu gendun alkar. Berandu hasi giñan gu nobixotan, ni 27 urtekin eta nere neskia 17kin. Lau urtian ibilli eta gero ezkondu giñan. Erromerixak izaten ziran neskak eta mutillak juntatzeko lekurik aproposenak. Neskiari lagundu egin bihar izaten zitzakon, ni bezela bestiak ere bai.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Elkarrizketatutako aiton-amona guztiek adierazi diguten bezala, 14 eta 16 urte bitartean hasten ziren beste sexuko pertsonekin harremanetan. Hala ere, guztien hitzetan, sasoi hartan pertsona bat ezagutu eta haren lagun min egin arterainoko prozesuak ez du zerikusirik gaur egungoarekin. Gauza bat zen pertsona bat ezagutzea, eta beste bat, haren lagun min egitea. Prozesua, halabeharrez, askoz luzeagoa zen sasoi hartan. Eta hori normaltzat jo dezakegu, batez ere, erlijioak, Elgoibarko gizartean, zer nolako eragina zuen kontuan izanez gero; izan ere, garai hartako nekazal kutsuko gizarteak gogor eusten zien balore eta uste tradizionalei.

 

Lehen parejakin poliki-poliki jun bihar, ez zan oingo moduan alkarri muxuka eta holan. Horretarako lehen ixkutau egin bihar. Muxu bat edo beste harrapatzen bazan... lapurretan igual.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Udal Musika Bandak Foruen plazan eskaintzen zuen
dantzaldia toki egokia izaten zen bikotea aurkitzeko.

      Pozik itzultzen ziren denak etxera, neskaren bat begiz jo, eta harekin dantza egitea lortuz gero; hura zen eta andregaia aurkitu ahal izateko eman beharreko lehenengo pausua. Baina sasoi hartan, dena oso motel joaten zen. Eguneroko zereginen ondorioz, hurrengo igandera arte ezin izaten zuten pertsona ezagutu berri hura ikusi. Elkar ikusten zutenean, gehienetan, gizona hurbiltzen zen gogoko zuen neskarengana. Elkar ezagutu nahi izanez gero, ausardia izan eta hasierako elkarrizketei ekin behar; hori baitzen harreman bat hasteko modua. Behin baino gehiagotan elkarrekin dantza egitea «zerbait gehiago egon» zitekeenaren seinale zen.

 

Jaixetan dantzan ibiltzen nitzan gazte denporan. Asko gustazen zitzatan. Eta dantza gaizki egitten zaban mutil bat neregana hurbiltzen bazan, ezetz esaten nion, eta beste batena juten nitzan. Nik ondo egitten zabenekin bakarrik nahi naban dantza egittia. Kamiñerokuan izaten zan dantzia orduan eta oso ondo pasatzen naban.... Nobixo gehixegi izan nittuan nik gazte denporan. Baiña ez nitzan ezkondu. Jeneralian, erromerixetan izaten ziran nobixo kontuak. Gaiñera, karta mordua jasotzen nittuan nik ere.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

San Antolineko gazteak, herriko jaietan,
bazkari bat egin ondoren. 1935 urteko iraila.

      Hala ere, harreman baten oinarriak jarri bezain laster, hasten ziren nerabeen zalantzak: harreman bati ekiteko unea al da? Nire bikote ideala ote da? Oso ohikoa zen gure aiton-amonek euren buruei tankera horretako galderak egitea. Zalantza hauetaz gain, beste batzuk ere izaten zituzten, norberaren interesei zegozkienak, hain zuzen. Honekin, bikotekideen bizilekuari egin nahi diogu erreferentzia. Kontuan izan behar dugu, duela 8 edo 9 hamarkada, oso aukera gutxi zegoela leku batetik bestera joateko. Oso asti gutxi izateaz gain, garai hartako elgoibartarrek ez zuten ez autorik, ez autobusik eskueran, eta askotan, bizikletarik ere ez. Horrela bada, ez da harritzekoa 7 kilometrora edo urrutiago bizi zen pertsona batekin harremanetan jartzerakoan, zalantzak izatea. Izan ere, elkarrekin egon ondoren, mutilak lagundu egin behar izaten zion neskari etxeraino. Horri «neska laguntzia» esaten zioten.

 

Jeneralian neskak eta mutillak ezagutzeko dantzak ziran aproposak, erromerixak. Dantzan hasi, ezagutu, alkarrekin barre pixka bat egiñ, kontuak esan, eta... orduan izaten zan basarrixetara neska laguntzia. Gaztetan, 16-18 urterekin edo, hauxe izaten zan: erromerira jun, eta illuntzian, edo goizago, etxera, basarrixetara. Inguratzen giñanian, txakurra hurbiltzen zanian ba... neskia etxera, ta buelta.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Hala ere, guk uste duguna kontuan izan gabe, gure aitonak oso gustura ibiltzen ziren laguntzaile lanetan, hori bai, neska ez zen inoiz ere oso urruti bizi behar. Une haiek bakarrik egoteko aprobetxatzen zituzten; oso gaizki ikusia zegoen eta jende aurrean musukatzea, besarkatzea eta laztantzea. Jendearen arteko esamesak oso ohikoak zirenez, eta guztiek elkar ezagutzen zutenez, mutilak neskari etxera laguntzen zionean, aprobetxatu egiten zuten bakarrik egoteko; jendearen ahotan ibili nahi ez bazuten, behinik behin. Musu sutsu bat eta laztan batzuk nahikoa izaten ziren gazteak etxera pozarren itzultzeko.

 

Zenbait gazte Altzolako bainuetxearen ondoan
dantzan, San Juan jai batzuetan.

Neskalagun asko euki nittun nik, denpora gitxi igual ibilli, eh! Jun igual San Migelera, juntau eta gero pentsau: urruti dago etortzeko gabian berandu, ta igual, hurrengo batian juan ez. Hurrenguan beste aldera ere bai berriz. Bastante ligatzen naban nik lehen. Altzolako neskekin gitxi ibiltzen giñan, beste herri eta auzoetako neskekin gehixago. Intimidade billa San Lorentzo aldera juten giñan, edo Mendarora. Ta Mendarotik behera, Deba aldera eta.

Juan Lariz Garate

 

      Harremanak aurrera egiten bazuen, asteburuetan elkar ikusten hasten ziren, freskagarriren bat hartzeko (bikote elgoibartarren lekurik gogokoena Foruen plazako «Café Amistad» zelakoa zen), Errosario kaleko zinema zaharrera joateko, plazan, Bandaren musikarekin dantza egiteko, edo auzoetako erromerietara joateko.

      Beste ildo batetik esan behar, Elgoibarren, ia beti, gizonezkoak bakarrik ibiltzen zirela tabernetan. Euren bikotekideekin ez bazen, behinik behin, emakume koadrilak oso gutxitan joaten ziren tabernetara. Ez zegoen ondo ikusita, emakumea tabernan sartzea (batez ere, bakarrik baldin bazegoen), eta are gutxiago, txikito batzuk hartzea. Gauza berbera gertatzen zen erretzeko ohiturarekin: galdutzat hartzen zuten zigarroa pizten zuen andrea. Eta hori gauza guztiz logikoa zen sasoiko emakumeentzat. «Gizonen kontua zen», eta emakumeek ez zuten ohitura hori hartzen, ezta pentsatu ere!

 

Erre ez neban egitten. Sekula santan nere eskuan ez zan zigarrorik sartu. Eta nere gizonak ezta ere, purua bakarrik. Gu laukotia ibiltzen giñan jeneralian, koñatak eta bixok. Ta harek ere ez zeben erretzen. Neri tabakuaren usaiña ez zitzatan gustatzen.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 



elgoibarko udala